Irizar i3aren harrera bikaina Low Entryn
Irizar i3 modeloa harrera bikaina izaten ari da Europako merkatuetan. Produkziorik handienak Espainiako operadoreentzat egin dira, baina beste merkatu batzuetan ere harrera beroa izaten ari da, esaterako, UKn.
Irizar i3a Low Entry segmentuan kokatu da, Irizarrek ez baitzuen nitxo hori betetzen, orain arte bezeroen beharrak asetzeko produktu egokirik ez zuelako.
Irisgarritasuna eta eurek nahi dituzten konfigurazioetara egokitzeko gaitasuna dira bezeroei eskaintzen dizkien hobekuntza nagusiak.
Irizar i3 Bizkaibusentzat
Bizkaibus operadoreak indartsu egin du Irizarren alde, eta aurten eta datozen bi urteetan Irizarrek zerbitzatuko ditu enpresaren behar guztiak, Irizar i4 eta Irizar i3 LE modeloekin.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaibus zerbitzuaren bitartez, hainbat operadoreri esleitu dizkie Bizkaiko bidaiarien garraioa datozen urteetarako. Esleipena lortu duten enpresak Pesa, Alsa eta CAV-Encartaciones dira, eta Irizarrengan jarri dute konfiantza entrega hori osatzen duten 45 ibilgailuen karrozeria egiteko.
Irizar i3 LE modeloko unitateak 12,75 m. eta 15 m luze dira, eta Irizar i4 modelokoak, berriz, 10,80 m., 13 m. eta 15 m luze. Unitateak Scania, Volvo eta Mercedes txasisaren gainean karrozatu dira.
Planteatutako betekizunak betetzeko, ibilgailuak Irizar Taldearen segurtasuneko azken gailuekin hornitu dira, horien artean gidariaren nekearen detekzioa (DFW), aurrealdeko talkarako radarra eta errailetik irtetearen kontrola (LDW). Guztiak ala guztiak Datik enpresak diseinatu eta hornitu ditu.
Datikek Ecoassist sistema ere instalatu du, hau da, erregaia aurrezten eta CO2 igorpenak murrizten laguntzen duen sistema.
Hispacoldek Eco3 autokarren barruko airea arazteko sistemak hornitu ditu.
Autokarrek, halaber, pneumatikoen presioa kontrolatzeko eta suteen aurkako sistemak ere badituzte.
Mugikortasun urritua edo ezintasunen bat duten pertsonak errazago sartzeko eta barruan egoteko bitartekoak ere badituzte, hala nola arrapala automatikoak, autobusa geltokira iritsi dela ohartarazteko gailu akustikoak eta ikusmenezkoak, mugikortasun urriko pertsonentzako leku erreserbatuak, pertsona itsuei leku horietara iristen laguntzeko pinportak, aulki gurpilduna duten pertsonentzako lekuak, braille sakagailuak, kamerak barruan zein kanpoan, etab.
Horrez gain, ibilgailuen barruko irudia bateratu egin da, eta denak Irizar i4 jarlekuekin ekipatuta daude.
Irizar i3 Erresuma Batuan
Menziesek Irizar i3 LE modeloan jarri du konfiantza bezeroak Vip parkingetik Heathrow aireportuko terminaletara eramateko. 10.95 metroko sei autokar erosi ditu, Scania K230UB 4×2 txasisaren gainean muntatuak.
Erresuma Batuan oso harrera ona izan duelarik, Irizar i3 Low Entry modeloak herrialde horretan hainbesteko arrakasta izan duen Irizar autobusen gama osatu du, azken hiru urteetan autokarren merkatuan duen lidergoa finkatu dela berretsiz.
Oso diseinu erakargarri batekin, Irizar familiaren gainerakoekin bat eginda, teknologiari eta segurtasunari buruzko eskura dauden aurrerapen guztiak ditu, eta aukera zabala eskaintzen du prezio lehiakorrean operadoreen beharretara egokitzeko; Irizar i3 modeloa hainbat luzeratan eskura daiteke, 11 metrotik 15 metrora bitartean, eta aukera ugari eskaintzen ditu ateak, ezinduentzako sarbideak, klimatizazioa eta abar jartzeko.
Irizar i3 LE Birminghameko Azokan egongo da, azaroaren 4tik 6ra, eta Scania GBk 12 metroko Irizar i3 erakutsiko du, Scania K250UB 4×2 Euro VI txasisarekin.
Produktu horrekin ate berriak irekitzen dira Irizarrentzat Erresuma Batuan eta Irlandan.
ARRIVA DeBLas: Madrilgo Erkidegoa
ARRIVA DeBlasek berriro ere Irizarrengan jarri du konfiantza eta Volvo armazoia duen 15 metroko Irizar i3 modeloko 16 unitaterekin berritu du bere flota; entrega urtearen amaieran egingo da.
2013an, dagoeneko, ARRIVA DeBlasek 15 metroko Irizar i4 modeloko 20 unitate gehitu zituen bere flotan. Orduko hartan, Irizar i4 modeloa erostea erabakitzeko arrazoia izan zen jauzi kualitatiboa eta estetikoa eman beharra zegoela bezeroak egiten duen ibilbide ertaineko linea jakin batzuetako ibilgailuetan eta, ondorioz, linea horietako erabiltzaileen kopurua handitu.
Orain ere, modeloa aldatzeko arrazoia izan da zerbitzua etengabe hobetzeko modua bilatzea eta, motibo hori tarteko, hautatutako ibilgailuak Low Entry izan dira, hiri izaera duten lineetako bidaiarientzat irisgarritasuna nabarmen hobetzeko, eskainitako kalitate eta erosotasun estandarrak mantenduz, bai Irizarri dagokionez, bai ARRIVA DeBlasi dagokionez.
ARRIVA DeBlasek N-Veko korridorean ematen du zerbitzua, Madrilgo Garraioen Partzuergoan integratuta dago, eta hiriarteko 25 ibilbide eskaintzen ditu hainbat abiaburutatik, horien artean nabarmentzen direlarik Alcorcon, San Jose de Valderas, Mostoles, Fuenlabrada, Navalcarnero, Madril-Iparra eta Villaviciosa de Odon.
Etiquetas: