IMG_2984

Irizarren autobus elektrikoak Madrileko “zero igorpen, zero kostuan” linea berrietarako

2020ko Otsaila

Gaur, Madrileko Udalak eta Udalaren Garraio Enpresak “zero igorpen, zero kostuan” linea berriak aurkeztu dituzte, Irizarren autobus elektrikoekin.

Gaur egin da “zero” lineen aurkezpen ofiziala, Atochan, herritarrei zuzendutako ekitaldi  batean, aurrean zirela Madrileko alkate Jose Luis Martinez-Almeida, Udaletxeko Mugikortasun eta Ingurumen Ordezkaria, Borja Carabante, EMTko gerente Alfonso Sanchez Vicente eta Irizar e-mobilityko zuzendari Hector Olabegogeaskoetxea, besteak beste.

Irizar markako ie bus modeloko zero igorpeneko hamar autobus sartuko dira ‘zero’ deituriko linea berrietan zerbitzua ematen. Linea berri horiek hiria iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera zeharkatuko dute datozen egunetan, alkateak iragarri duenez.

EMTren zerbitzu berri honek zero igorpeneko teknologiarekin baino ez du funtzionatuko. Madrileko Udalak bultzatutako neurri bat da, eta bere helburua da garraio publikoa eta mugikortasun iraunkorra sustatzea, Ingurumeneko Iraunkortasunerako duen Madrid 360 estrategiaren barruan.

Irizarren autobusekin hiriaren ekialdetik mendebaldera zerbitzua emango duen lehen lineak Gran Viaren ardatzean egingo du bere ibilbidearen zati handi bat. Alcala kaletik ekialdera luzatuko du bere ibilbidea, eta Princesa kaletik mendebaldera, eta Atochan eta Moncloan finkatuko ditu bere terminalak. Zazpi eta zortzi minutu arteko maiztasunez ibiliko da lanegunetan, eta hamar minutuko maiztasunez larunbat eta jaiegunetan. 7:00etan hasiko da zerbitzu ematen linearen hasierako geltoki bakoitzean, eta 23:30ean bukatu da Moncloan eta 23:00etan Atochan.

Irizarren 10 autobus horiek erabat isilak dira eta erabat errespetatzen dute ingurumena. Ez dute gas kutsatzailerik igortzen. Autobusen modeloa Irizarren ie bus da, 12 metroko luzerakoa. 2 ate ditu, 28 eserleku eta 75 bidaiarirentzako lekua. Litio ioizko baterien 5 paketek elikatzen duten 230 kW-ra arteko potentziako motor batek mugitzen ditu, eta motor horrek 200 eta 250 km arteko autonomia ematen die autobusei, gidatze zikloaren eta baldintza atmosferikoen arabera. Madrilekoaren moduko trafiko dentso batekin 17 ordu zirkulatzeko besteko autonomia da hori.

Madrileko alkate Jose Luis Martinez-Almeidaren hitzetan, “aurrean dugun ekimenean Madrilek aitzindaria erreferente izaten jarraitzen duela, bai milioika madrildarren mugikortasuna egunero bermatzen duen garraio publikoko sisteman, bai ingurumenaren eta kutsadura murrizeko borrokaren eremuan”.  Alkateak adierazi du, baita ere, neurri honekin nabarmen geratzen dela madrildarrek beren hiriarekin eta airearen kalitatearen hobekuntzarekin duten konpromisoa, alternatiba hauei esker ibilgailua etxean utzita eta Madrileko hiria “beste hiri batzuetarako erreferente” bihurtuta.

Irizar e-mobilityko zuzendari nagusi Hector Olabegogeaskoetxeak, berriz, hau gaineratu du: “erabat harro gaude jakinda Madrilek gure zero igorpeneko autobusak ekimen honetan sartu dituela. Guretzat oso garrantzitsua da estrategia honetan elkarlanean aritzea, gure estrategiarekin bat datorrelako. Ingurumenarekin erabat konprometituta gaude eta herritarren bizi kalitatea hobetzen lagundu nahi dugu. Energia berdeko elektromugikortasuna fabrikatzen duen lehen enpresa gara Europan.

Madrileko Udalak bultzatutako neurri hau beste aurrera pauso bat gehiago da kutsaduraren aurkako borrokan. Madrid 360 planaren helburua da EMTren autobus flota osoa berritzea.

EMTren eta Irizarren baterako abentura 2017ko otsailean hasi zen, i2e modeloaren lehen belaunaldia Madrilera iritsi zenean. Guztira 15 autobusek osatutako eskari bat izan zen. Irizar ie bus modeloaren ibilgailu estandarrak dira, baita ere, Madrilera iritsi den Irizarren autobus elektrikoen azken belaunaldia. Oraingoan Madrilek 20 unitate erosi ditu eta unitate horiek Irizarrek berak Adunan duen Irizar e-mobilityko lantegian fabrikatutako litio ioizko bateriak dituzte.

Etiquetas: